XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

John zuen izena atea ireki zigun mutil garaiak, eta egia esan, Deustuko Unibertsitateko kafetegian topatzen den azken ikasturteetako ikaslea ematen zuen: docker prakak jantzita eta ilean gomina pixkat emanda.

Irribarre mazala erakusten zuen, oso atsegina zen eta ez zitzaion inola ere nabaritzen gela hargatik 100 dolar ordaintzen zituela egunero.

Poor Baby jazz tankerako musika taldearen burua zenuten, eta hilabetea egina zuen San Franciscon grabaketa estudioan.

Izan ere, soinu-ingeniaria ere bazen, eta The Raving Beauties taldekide batzuekin lankidetzan ziharduen.

Hauek ere jaira azaltzekoak ziren.

John Bostongoa da eta familia aberatsa, oso aberatsa dauka.

Bestalde, Elvis Costello gustukoa zuela aitortu zidan.

Aurkezpenak eginda, denak eseri eta garagardo bana hartu genuen egarria berdintzeko.

Johnek esan zigunez, berak ekarri zituen supermerkatutik, merkeagoak zirelakoan.

Era berean, berak 100 dolar ordaintzen zituen gelagatik, baina hotelak 350-400 dolar kobratzen zizkien bezero arruntei.

Gela ez zen batzar-aretoa, ezta gutxiago ere.

Egia esan, 5 x 6 metrokoa zen, Grant kalera egiten zuten hiru leiho, bainugela eta logela barne.

John emaztegaiarekin zegoen eta bikoteari ezinegona igertzen zitzaion.

Inguruan hegaldaka, Lai zebilen, hogeita bost urteko neska tailandiarra.

Gaztea zirudien, baina bizian egin beharrekoak jadanik eginda bailituen mintzo zen.

Ondo pasatzea zuen helburu bakarra eta besotik eskegi zitzaidan ordu erdiz senarrarekiko muturkadak kontatzearren.

Aspertzen hasia nintzen.

Ez musikarik, ez mozkortirik, ez basasexurik.

Ezta sikiera txororik ere (...)